viernes, 6 de marzo de 2009

LAB-Irakaskuntza sindikatuaren prentsaurrekoa.

ITURRAMAKO INSTITUTUKO IKASLEAK ENTZUTEGI NAZIONALEAN
2009ko otsailaren 4an, Matesako egoitzan.

 
Ikasturte honen hasieran hizpide izan genuen Iturramako Institutuko hainbat ikasleren aurka zabaldu berri zituzten zigor espedienteen afera. Inolako istilurik eragin gabe eskolako patioan burutu omen zen kontzentrazio bat aitzakiatzat hartuz, hainbat gazteren etorkizun hurbila Madrileko Entzutegi Nazionaleko epaileren baten mahai gainean bukatzeko arriskutan zegoela adierazi genuen, horrek ekar zezakeen guztiarekin.
Ikertua, kaltetua eta zigortua izan zitekeen ikasle orori gure babesik beroena eskaintzeaz gain, gure eskerrik zintzoena ere adierazten genion errepresio ekimen guztien gainetik Iturraman edo eta Euskal Herri osoan antolatu eta mobilizatzen zen gazteriari, etorkizunari itxaropenez begirarazten digun gazteri konprometitu bat badagoela erakusten baitigute egunez egun. Era berean, gure mesprezurik argiena adierazi nahi izan genion inkisidore bokazioz zebilen estamentu eta pertsona orori.
Espediente hauei jarraipena egingo geniela, eta, ikastetxeetako elkarbizitza kontuetan kanpoko agenteen (AVT, Fiskaltza, polizia) mutur-sartzerik ez genuela onartuko adierazi genuen.
Gure susmoak, zoritxarrez, bete egin dira. Dagoeneko bi gaztek Madrileko Entzutegi Nazionaletik pasa behar izan dute azalpenak emateko, eta beste hamazazpi ikasle arrisku egoera berean daude gaur egun Institutuko zuzendariak, Pedro Otaduy Ibañez jaunak, izen abizenez salatu egin dituelako hain zuzen ere.
Pedro Otaduy Ibañez jaunak, bere salaketari esker, nolabait bere ardurapean dauden 17 gazte adingabeko hauek noiznahi Entzutegi Nazionaleko fiskaltzaren edo Polizia espainiarren hatzaparretan erortzeko arriskutan utzi ditu, inolako babesik eskaini gabe. Eta Herri honetan badakigu zer suposa lezakeen hatzapar ilun eta arrotz horietan erortzeak: gaueko ordu txikitan atxilotua izatea, tratu txarrak eta torturak jasan behar izatea, eta azkenean espetxeratua izatea.
LAB-Irakaskuntzak, gertaera larri hauen aurrean zera adierazi nahi du:
1.- Gure babesik beroena berresten diogula kaltetua izan den edo eta izaten ahal den Iturramako institutuko ikasle orori.
2.- Benetan koldarra eta miserablea iruditzen zaigula, hezitzaileak garen heinean, salatarien lan zikina. Are gehiago hezkuntza komunitateko katebegi babesgabetuena denean salatua, eta salaketaren onuraduna Entzutegi Nazionaleko fiskaltza bezalako estamentu arrotz eta zigorzale bat denean.
3.- Honelako edo antzeko egoerei klaustroetan aurre egitera animatzen ditugu irakasleak, jokabide zeken hauek ez dezaten gure isiltasunaren laguntzarik izan.
4.- Eta amaitzeko, dei egiten diogu Nafarroako institutuetako irakaslegoari etorkizunean ez dezaten babestu Pedro Otaduy Ibañez salatariaren hautagaitza eskola bateko zuzendaritzako kidea izateko.
Iruñean, 2008ko otsailaren 4an

No hay comentarios:

Publicar un comentario