miércoles, 23 de septiembre de 2009

Bukaeran fiskalaren proposamena onartu zuten

Irailaren 14ean Madrilera joan behar izan nuen fiskalaren eta defentsaren lekukoa izateko. Bukaera ez nuen parte hartu behar izan. Deitutako ikasleek, hiru, eta haien gurasoek fiskalak egindako kalifikazioa eta proposatutako neurri hezitzaileak onartu zituzten. Epailaren aurrean sinatuz epaiketa ez zen gauzatu.

Ez da hedabidetan agertu. Adin txikikoei ezarritako zehapenak ez dira publikoak eta inork ez daki zertan datzan “neurri hezitzaile” hauek. Nik ez ditut ezagutzen eta beraiek, logika batek aginduz, ez dituzte aditzera eman.

Bai, badu bere logika. Nire erruz beraiek pairatzen zuten arriskua (“sei urtetako kartzela zigorra”, “zaldien oinpetan” edo “polizia espainiarraren hatzaparretan”) hainbat hilabetetan azaldu ondoren orain esatea bukaera zentzuduna izan dela zaila izan behar da. Auzi hau ebazteko Madrilera joan behar izatea bada, ezbairik gabe, gehikeria bat, gai hauen inguruan bizi dugun salbuespen egoera argi uzten duena. Aldatu beharko litzateke hau, baina beste guztia nahiko zentzuduna izan da.

Gertatu zenari buruz ez zegoen zalantzarik. Ikasleetako batek, ziur aski bere burua oso egoera konprometitu batean ez agertzeko kontuz ibiltzea ahaztu gabe, dena azaldu zuen zortzi argazki gehituz. Zentzudunena institutuko afera bezala tratatzea izango zen, baina publikoki kontatu ondoren nahiko ezinezkoa zen. Orain, dirudienez, fiskalak onartu omen du institutuan erabakitako bi zehapenak nahikoak zirela eta hau zentzuduna izan da. Delitu bat zegoenez zerbait ezarri die, lehen aipatutako “neurri hezitzaileak” hauek. Beraien burua martiri bezala aurkeztu ez direnez gero ziur ez direla oso larriak izan.

Aurreko idazki batean nik egindakoarekin lasai nengoela esaten nuen. Orain pozik ere nagoela gainera dezaket. Ikasleriaren gehiengoa defenditu nuen eragin nahi zieten manipulazioaren aurrean, “gora heriotza” oihukatzen dutenentzako omenaldi bat galarazi nuen eta gero nire eskuetan zegoen guztia egin nuen inplikaturiko ikasleak martiri ez bihurtzeko, argazki jartzailearen eta beste batzuen asmoa deuseztatuz.

Inplikaturikoen zori onerako ez nuen nire ideologia bulego edo auzitegi baten atarian utzi. Urteak daramatzat intsumisioaren oinarrian dagoen desobedientzia kritikoa erabiltzen aurre egiteko niregandik hain gertu ikusten dudan opresio bortizkeriari, hau da, ETAren aldekoak diren talde hauek haien gustuko ez den edonoren kontra erabiltzen dutenari. Norbait harritzen badut oraintxe esandakoarekin pentsa dezala zer egin didaten niri eta zer ez liokete egingo haiekiko desadostasuna adieraziko zukeen ikasle bati. Gero, eta hau ere ideologia da, neurri hezitzaileen alde lan egin dut, zigorrezkoak baztertzeko saiakeretan arituz. Dirudienez hau lortu da. Orduan lasai egoteaz gain pozik nagoela ere esan dezaket.

Oraindik beste epaiketa bat egon daiteke. Ikasleetako batzuk helduak ziren adinez eta hau beste epaitegitik doa, hau ere Entzutegi Nazionalekoa. Itxoin beharko dugu dena itxita dagoela esateko.

Eta horrekin dena bukatzen da? Gustatuko litzaidake horrela sinestea, baina LABek egindako kalumniak hor daude.

martes, 1 de septiembre de 2009

Gertatu zen, baina lasai egotekoa da.

Hobeto gertatu izan ez balitz, baina gertatu zenez gero nik egindakoak neure buruarekin lasaia egoten uzten dit. Bukaerari besterik ez begiratzen badiogu, dimisioa aurkeztu ondoren nik institututik alde egiten dudanari, arraroa iruditu ahal du, baina hori ikasturte honen laburpena txar bat besterik ez da.

Egia esan bi gertaera izan dira. Alde batetik institutuarena eta beste aldetik LABen mehatxu komunikatua. Lotutakoak, bai, baina desberdinak.

Institutuarena argi dago: ikasle batzuk egin behar ez zuten zerbait egitera zihoazela ikusi nituen. Haiei eta bere gurasoei gertaeraren larritasuna ohartarazi nien. Horrela izanda ere ekitaldia antolatu zuten eta nik galarazi nien argazkiak eta gainerako parafernalia kentzen. Ez genien espedienterik ireki zeren eta horrek derrigortzen gintuen paper ofizial batean ikasle horien izenak ipintzera zer egin zuten kontatuz eta, delitua izan zitekeela jakinda, gure eskuetatik at joko zuen zerbait bihurtzeko arriskua zegoen. Gainera ez zuen erresonantzia publikorik izan eta benetako parte-hartzaileen kopurua (ukabila gora zutenak) hogeiren bat 600 ikasle baino gehiagoko institutu batean, erridikulu xamar. Asmoa izan genuen, hori bai, inplikaturiko ikasleekin eta bere familiekin hitz egiteko berriro ere halakorik gerta ez zedin.

Baina beraiek izan ziren, haietako bat, bere inguruko web batean guztia kontatu zuena. Ez hori ez besterik: ikasle asko identifikatzeko aukera osoa ematen zuten argazki mordo bat ere hor utzi zuen. Susma daiteke hori egin zuenak bera oso egoera konprometitutako batean ez agertzeko ondo zaindu zuela. Guztiok dakigunez, gerrak jeneralek antolatzen dituzte, baina bataila eremuan hiltzen direnak soldadu xeheak edo zibilak dira, buruzagiei suntsitzeko egokia iruditzen zaien tokian daudenak.

Eta web orriarena berri mota hau gustuko duen egunkari batera heldu zen. Eman zuen informazioa zuzena zen, baina lehenengo orrian jarri zuen titulua, kolore desberdin batez nabarmenduta, alderdikoia zen. Detaile bat: gauzak argitzeko egun berean egunkari horretara bidali genuen eskutitza, lasaia, laburra eta, batez ere, argia ez zuten argitaratu nahiz eta berria idatzi zuen kazetariak arazorik gabe egingo zutela esan. Eskutitza horrela bukatzen zen: Halako ekitaldi hauek bultzatzen dituztenek bere kopuruak justifikatzen ez duen erresonantzia bat bilatzen dute. Gaur, Diario de Navarra-n oihartzun hau ikuste,n kontent egongo dira. Deitoratzekoa da, benetan. Dirudienez bukaera honek arazoren bat suposatu zien.

Hortik aurrera gaiak gure eskuetatik ihes egin zuen. Ez dut ahazterik aurreko ikasturtean institutuko borrokatzaile sutsu hauek antolatu zuten gatazka bat baretzera joan nintzenean udaltzain batek esan zidana. Behatzez ni seinalatuz “zu Entzutegi Nazionalera eramango zaitugu” oihukatu zidan. Guztien artean ia lortu zuten. Joan bai joan behar izan nuela, baina lekuko moduan. Joan behar izan zutenak ikasle batzuk izan ziren. Gertatu zena argitara eman ondoren ekidinezina zen. Nabaria da beraiek egin eta beraiek kontatu zutenak delituaren kutsua zuela eta institutu baten patioa ez da legetik kanpo geratzen den lurralderik. Eta gizartean delituaren kutsua duten ekintzak argitzeko, jakin badakigu zer erakunde dago, gustukoa izanda ala ez. Entzutegi Nazionalera arazo hau eramatea gehiegizkoa iruditzen zaigu. Aldatu behar izango luke. Baina horrela da eta ikasleak informaturik zeuden ditxosozko omenaldia egiten saiatu baino lehen. Norbaitek bultzatzen (engainatzen) baditu ekitaldi hauek antolatzeko argi utzi beharko lieke.

Ikasleen zorionerako, institutua legetik kanpo ez den tokia dela onartuz hor gertatzen diren gauzak eremu penalera joan gabe eremu pedagogikoan bidera daitezkeela pentsatzen duten pertsona asko egon dira. Hasteko institutuko zuzendaritzak eta jarraitzeko Hezkuntza Kontselariak horrela azaldu dute beharrezkoak izan diren tokietan eta dirudienez honetaz erabaki behar duten pertsonek horrela ulertzen dute.

Institutua errekrutatzearen zentro bihurtzeko saiakerak galaraziz beraiek manipulatzeko etengabeko jokabidea pairatzen duen ikasleriaren gehiengoa defendatu egin nuen, heriotza besterik ez defenditzeagatik erabateko mesprezua merezi duen erakunde bati egiteko zen omenaldia oztopatu nuen eta beraiek eragindakoagatik arazotan sartu diren ikasle batzuek jaso ditzaketen ondorioak arrazonagarri den eremutik ez ateratzen saiatu naiz. Hala ere konfiantzazko bozketan aldeko hogeita hamar botoak gutxiago izan ziren ezezko bostak, sei zuriak eta hogeita bi abstentzioak (bat nirea, orduan hogeita bat) batera hartuz. Nire aurka entzun nituen argudioek (esate baterako, nik nire ikasleak defenditu ez nituela) halako oihartzuna izateak ez dut oraindik ulertzen. Konspirazioaren teoriari buruz aritzean Chomskyk esan omen zuena egia bihurtu da. “Analisi instituzionalaren aurka aritzeko ahaleginetan bukaeran zentzutasuna pikutara doa”. Bai, horixe, zentzutasuna pikutara eta ni eta nire taldea dimisiora.

Konfiantzazko bozketaren klaustroa astearte batean izan zen. Asteazkeneko goizean zuzendaritzan sartu ziren lagun batzuk. Beraiek bere elkartasuna adieraztera zetozen, susmatzen baitzuten emaitzaren ondorioz pentsatzen ari nintzena. Haietako bati esan nion nire ustez botoa zuriz eman edo abstenitu zirenak oraindik ez zirela ohartzen zein herritan bizi garen. Ez, ordurako ohartu gabe ziren, baina egun horretan bertan LABek bere prentsaurrekoa eman zuen. Agian horrekin batzuk ohartu ziren.

Asteazken horretan auziaren bigarren zatia abiatu zen. LAB sindikatuak ozen eta idatziz esan zuena, kontakatilu bat, salatzaile bat eta kolaboratzaile bat naizela izen-abizenez hiru aldiz ni aipatuz, eta honek bere inguruko egunkarian izan zuen erresonantzia (bi orrialde!) behar den bezala ulertu behar da. Mehatxu argia da, ondorio oso larriak izan ditzakeena. Horrela ulertzen dut nik eta horrela ulertzen du jende askok. Logikoki ezin dut lasai egon eta ez nago lasai. Badakit nire burura zaindu behar dudala eta zaindu egiten dut. Lasai ez, baina prentsaurreko horren ostean gertatu zenarekin kontent egon naiteke.

Jaso dudan laguntza hunkigarria izan da. Prentsan (eskerrak Diario de Noticias dugula!) eta beste komunikabide batzuetan agertu dena bada, bakarrik, heldu zaidanaren zati txiki bat. Eskutitzak, posta elektronikoaren bidez, kalean, etengabe izan da ni animatu nauen jendearekin topo egitea, batzuk ordurako ezezagunak. Zer esanik ez aurkako mezuak eta topaketak ere izan ditudala, baina asko gutxiago izan dira eta ikasi dut beraiek merezi duten balioa ematen, hau da, ezer ez.

Duela urte batzuk agian nire irtenbide bakarra ezkutatzea zatekeen. Orain ez dut egin. Gizarteak bere iritzia eman du eta argi dagoenez nire alde, normala denaren alde. Horretaz behin eta berriro konturatzea benetan hunkigarria izan da. Institutuan eta institututik kanpo. Imanolen kanta batek “halako lagunekin nor ez zoriontsu” esaten du. Ba hori, institutura iritsi eta garbitzaile guztiek sinatutako eskutitz bat aurkitu (“heroi isil hauek” deitzen die Montxo Elizaldek blog honetan dagoen bere eskutitzean), ikasle baten eskutitzak jaso baita familia osoenak (aita, ama eta ikaslea) ere, gurasoak irakasleren batekin bileraren ostean ni agurtzeko bulegotik pasatu, lankide askok, irakasleek edo administrazio eta zerbitzukoek, adierazten zidaten hurbiltasuna, zuzendaritza taldekoek eskaini didaten etengabeko laguntza, beste institutu askoetatik jasotako mezuak,… beharrezkoak eta nahikoak izan dira zuzendari postuan kurtso bukaeraraino aritzeko. Kalean berdin. Ez dut jakiterik nortzuk izan diren kalean, supermerkatuan, tabernaren batean, nirekin daudela esateko behin eta berriro agurtu nauten pertsona guzti horiek. Ez dut zer dela eta ezkutatu behar: egiaztatu egin dut jende gehien-gehiena badela, izan behar zen moduan, normala eta ez dituela onartzen harrokeri hori, mehatxu horiek, bortizkeri hori.

LAB izan zen kontu hau komunikabideetara eraman zuena, liskarra hizkeratan eta orain esan dute haiek badirela “lintxamendu mediatiko baten biktimak”. Argi dago beraiek direla eztabaida abiatu zutenak eta argi dago ere oraindik ez dutela ikasi ezberdintzen lintxamendu bat eta bere gezurren aurrean plazaratutako gizartearen aldarrikatze argia.

Hobeto izango zen ezer ez gertatu ez izatea, ni lasaiago biziko nintzateke, baina gertatu zenez nik egindakoa lasai egotekoa da.

Jada etorkizunari begiratu behar diogu. Entzutegiko kontuak iragarrezina den erritmo dauka, ezin diogu eperik ipini. Auzia hortik nola bukatzen den jakiteko itxaron beharko dugu. Nire ogibideko kontua bai data duela. Ekainaren 30ean zuzendaria izateari utzi nion. Lehenago nire lankideek agur-bazkari bat eskaini zidaten. Gauzak argi utzi behar izan nituen: ni babestu ez ninduen inor ez litzateke ongi ikusia izango. Dimisiora eraman gintuen klaustroaren bozketa hainbeste aldiz aipatuz badirudi gehiengoak ez ninduela babesten, baina ez da horrela. Langileen erdia baino gehiago bazkari horretara etorri zen edo nire bulegotik pasatu zen bere ez joatea justifikatzeko eta elkartasuna adierazteko. Klaustroan nire alde egin ez bazuten, zuzentzen jakin izan zuten. Azkenean lankide batek guztien izenean hitz egitean bere maitasunarekin hunkitu ninduen.

Irailean ez dut institutura itzuliko. Kontu guzti honetan hasiera-hasieratik Hezkuntza Departamenduaren laguntza argia antzeman badut, ikasturtearen amaieran berriro ere egiaztatu nuen bulego zentraletan lanpostu bat eskaini zidatenean. Inoiz ez nuen pentsatu klase emateari utziko nionik. Ia-ia hogeita hamar urte daramat ogibide honetan eta oraindik grinatuta nago. Baina orain aldaketa bat behar nuen atsedenaldi moduan eta eskaintza honek ematen dit.
Institutuko azken egunak zailak izan ziren. Zuzendaritzaren taldean ondo lan egiten ari ginen eta oraindik garatu gabe ideiak genituen. Ezin izan dugu dena burutu eta honek bai uzten didala frustrazioaren sentimendu bat. Egindakoa eta utzitakoa laburtzeko bere momentuan aurkeztu nuen zuzendaritzarako proiektua gainbegiratu nuen eta hor ahuleziak-mehatxuak-indarguneak-aukerak analisia aurkitu nuen (AMIA analisia, kalitatezko kudeaketarako tresna on bat). Mehatxuen atalean “kanpoko erakunde batzuek ikasleak erakartzeko egiten duten etengabeko ahalegina” agertzen zen. Nitaz gauza asko esan ahalko dira, baina ez nondik mugitzen naizen ez dakidala. Zoritxarrez klaustroaren konfiantzazko bozketan ez nuen laguntza nahikoa izan eta kargua utzi behar izan nuen, baina nire tokian egon naizela eta egin behar izan nuena egin dudala dakit, nire kontzientziarekin eta ardurarekin bat egiten.

Ekainaren azken klaustroan agur esatean esan nahi nuen gauza bat ahaztu zitzaidan. Orain esango dut: ohore bat izan da Iturramako zuzendaria izatea. Gainera, nire ustez, ongi egin dut.

Horregatik argi dut hobeto izango zen hau guztia ez gertatu ez izatea, baina gertatu zenez lasai egon gaitezke. Ni eta babestu nauten guztiak, ni bakarrik ezinezkoa izango baitzen. Hori dela eta, eskerrik asko!