martes, 9 de junio de 2009

Iturramako gazteak

Iñaki Azkona, Diario de Navarra 2009/03/02

(Iñaki Azkonak Diario de Navarran duen iritzi zutabean idatziko artikulu hau berandu heldu zitzaidan, baina horrela izanda ere merezi du)

Arrazorea ematen diot Sabino Cuadrari esaten duenean (D. de Not. 2009.02.19) Iturramako Institutuko aferaren biktima nagusiak neska-mutil ikasleak direla Auzitegi Nazionalaren eskuetan gelditu baitira. Penagarria da eskolako gertakari bat halako auzitegira iristea. Ondorioak larriak izan daitezke.

Bai, baina Sabinok aipatzen ez duen beste kontu batek egiten ditu benetan biktimak, nire ustez. Gazte horiek Euskal Herrian jokatzen den komedia esperpentikoaren azken protagonistak eta ondorio larrienen jasotzaileak bihurtu dira. Bihurtu dituzte.

Jakina da gazteak sutsuak eta eskuzabalak direla. Gehiegi pentsatu gabe ekintzetara emanak. Murgiltzen dira berehala adineko jendea sartuko ez litzatekeen itsasoetan.

Nahiz inork aginduak ez izan, gazte horien portaera baldintzatu eta bideratua dago. Pintza maltzur batean harrapatuak daude: herri imaginario baten aldeko borrokaren kimeraren mistifikazioak, non borroka-bide guztiak zilegizkoak diren, xaxatzen ditu alde batetik, eta mota guztietako polizien gehiegikeriak eta balizko justizien jazarpenak bestetik. Demokrazia hitzaz ahoa betetzen duten politikari hipokritek oldartzen dituzte, eta alferrikako gatazka hau luzatzearen aldekoak beraien xalotasunaz eta energiaz probesten dira. Komunikabide medio gehienek deabru bilakatzen dituzte. Edo eta heroi egiten. Errebeldiara eta sektakerietara kondenatuak daude.

Iturramako patioan Gudari Egun triste horretan eman zen ekitaldia ez zen berez sortu. Ez zen, batzuek nahi luketen moduan, zerutik eroritako meteoro ekidinezina. Aitzitik, erabaki zehatzak daude atzean. Gatazka absurdu hau oraindik bultzatzen dutenek hartuak.

Biktimak dira, baiki, saltsa lodi horretan harrapatuta gelditu diren gazteak. Askok bere etorkizuna kolokan dauka. Ez haiek bakarrik, hor ere hasten baita familia eta lagunen sufrikarioa.

LAB sindikatuak zuzendariari egin dion salaketa ignominia bat da. Salatarien jitea erakusten du salatuarena bainoago. Ez dezala ondorio okerragorik ekar, otoi. Zuzendariak frogatua du ausarki zeintzuk osagaiez egina dagoen: bakearen aldeko borrokalaria, soldaduskaren aurkari zuzena, San Frantzisko Eskolari eusteko langile eta bozeramaile nekaezina, administrazio publikoaren desmasien aurrean inplikazio pertsonalaz euskaldunen eskubideen defendatzaile bakarretakoa, eta Institutuko zuzendari eta kudeatzaile ona, dituen arduren erantzulea.

Gazteak dira biktimak, bai, eta zuzendaria, gurasoak, Institutu osoa.... eta euskarazko hezkuntza. Nor ateratzen da garaile hemen? Zeren mesede jotzen dute Gudari Egunek, gazte borrokalariek, sindikatu erradikalek... honelakoetan gurean? Utikan euskaraz matrikulatzeko kanpainak!