domingo, 24 de mayo de 2009

Pedro gurasoen asanbladaren aurrean

Maiatzaren 20an institutuko Guraso Elkarteak asanblada bat izan zuen eta bertaratzeko eta azalpenak emateko gonbitea egin zidan. Hor ere ikasle afektatuen gurasoek hitz egin behar zuten, baina azken momentuan hauek uko egin zioten parte hartzeari.

Hurrengo lerroetan irakurri nuen testua duzue. Luzea da, baina bere interesa duela uste dut. Egia esan, idatziz ematen ditudan lehenengo azalpen publikoak dira. Ondo iruditzen zait gurasoak izatea honetan lehenak.


Arratsalde on guztioi!

Lehenik eta behin hilabete hauetan jaso dudan laguntza guztia eskertu nahi dizuet. Hondoratuta egoteko arrazoiak izan baditut ere, hainbeste eta hainbeste pertsonengandik jasotako maitasunari esker aurrera joateko moduan nagoela uste dut nik.

Era berean asanblada hau antolatzea eskertu nahi dizuet. Gutako askorentzat ezinbestekoa zen, baina ez da erraza izan. Gaia aurreikus zitekeen edozein markotatik atera da eta honek zailtzen du guztia. Baina bukaeran Guraso Elkartearen lanarekin eta institutuko Bizikidetza Batzordearen laguntzarekin hitz egiteko unea lortu egin dugu.

Aurkezpenean bilera honen helburuak zeintzuk diren entzun ditugu. Nire aburuz hauexek dira hain zuzen ere martxoaren 12an Eskola Batzordeak onartutako agirian esaten zirenak. Oroitu: 10 boto alde, kontra bat ere ez, abstentzio 3 eta hurrengo astean Gurasoa Elkarteak ere bere ohiko bilera batean onartu zuen.

Lehengo puntuan eskola komunitateak duen institutuko zuzendariarekiko, hau da, nirekiko elkartasuna adierazten da. Zenbat behar nuen eta nola eskertzen dudan dagoeneko esan dizuet. Dena den bi zehaztapen egin behar ditut orain egindako transkripzioa zehatza ez baita. Eskola Batzordean iritziz nire aurkako salaketak larriak baino injustuak ziren. Ez da gauza bera, larriak izanda justuak izan daitezke, baina ez ziren. Larriak bai, injustuak ere.

Eta horretaz gain orain aipatu ez den beste gauza bat eskatzen zen. Hain zuzen ere LAB sindikatuari bere salaketak zuzentzeko eskaera luzatzen zitzaion. Ez dut inongo itxaropenik horrela egingo duenik, eta tamalez honetan gehiegi dago jokoan, baina institutuko Eskola Batzordetik horrela eskatu zitzaiola ongi dago oroitzea. Autokritika bada indar ezkertiarren ekimenean oinarrizko baldintza etikoa, baina argi dago puntu honetan sindikatu horrek huts egiten duela.

Eskola Batzordearen puntuetatik aipatuko dudan hurrengoa ez da bigarrena izango, hirugarrena baizik. Eskola Batzordeak, inplikaturik dauden ikasleen eta bere familien kezka ulertuz, gai honi buruz zerbait egiterik duen edonori gaia berriro ere institutuko diziplina gaitzak hartzeko ahalegina eskatzen dio.

Gertatutakoari buruz gauza gutxi gehiago esan dezaket. Agian nahasturik geratu den zerbait bai argitu behar izango dudala, hain zuen ere identifikatu nituen ikasleen familiei informazioa berehala ez emateko erabakia. Badakit zer dela eta nahiago izan nuen diskrekzioa: horrekin ezinbestez sortuko zen iskanbila ahalik eta gehien atzeratzeko, hartzeko ziren auzitegiko erabakietarako iskanbila horrek mesede gutxi egingo ziolakoan, eta familia hauetako batzuei egon eza ekiditeko, ziur bainengoen haietako gutxi izango zirela fiskalak deitutakoak, gertatu zena. Diskreziorako bidea hartu nuen eta familiaren batek eskertu dit. Honek ez du esan nahi nirekin kontent daudenik. Eskubide osoa dute hobeto izan nuela isilik egoten pentsatzeko.

Baina gauza bat da diskrezioaz jokatzea eta beste gauza bat sekretupean aritzea. Abenduan izan genuen eskola batzordean, txostena idatzi eta gero lehenengoa, dagoeneko esan nuen ikasle batzuk identifikatu behar izan nituela eta urtarrilekoan izenak esan ez, baina jarraitutako irizpidea bai azaldu nuela: argazkietan lehenengo ilaran agertzen ziren batxilergoko ikasleak, ez DBHkoak, gehi espedientatutako biak. Orduan argazkiek gaztesarea web orrian jarraitzen zutenez, sekreturik ez. Konpromisoa hartu nuen norbait deklaratzera izango zela jakingo nuenean berari eta bere gurasoei esango niela, Madriletik itzuli nintzenean bete nuena. Eta bitartean niri galdetzera etorritako edozein ikasleri edo gurasori berari zegokion informazio zehatza eman nion. Berari zegokiona, ez besteena.

Entzutegiko erabakiak lehuntzeko ikuspuntutik ondo egin nuelakoan nago. Madrilen egon nintzenean oraindik ez zekiten hemen antolatzen ari zena. LABeko prentsa aurrekoa bezperan gauzatu zen eta kontu handiz ibili nintzen horretaz ezer ez aipatzeko. Berriro ere inplikatuei laguntza emateko nahian. Baina ulertzen dut hartutako erabakia eztabaidagarria dela eta guraso batzuek horrela adierazi zidaten. Horrexegatik zuen barkamena eskatzeko eskutitza idatzi nizuen hartutako erabakiarekin zuen nireganako konfiantza agian hautsi nuelakoz.

Berriro ere gauza bera gertatuko balitz ziur aski ikasleei eta bere familiei berehala emango nieke informazioa. Niri inork ez liezadake iskanbila kenduko, familia batzuk behar izan gabe kezkaturik sortuko lirateke hilabete batzuk hamabost egun izan ordez eta agian auzitegikoa larrituko lirateke, baina inork izan ahalko luke esan zuzendariak ezer ezkutatzen duenik.

Entzun behar izan ditudan gauzen artean mina gehien egin didatenetariko bat izan da zuzendari bezala nire ikasleak defenditzeko beharretan nagoela eta kasu honetan ez dudala horrela egin. Injustua egiten zait. Lehenik eta behin ikasle guztiak defenditu behar ditut, ez bakarrik beraiek gustuko dutena ez besterik egiteko tematzen direnak. Ezbairik gabe irailean ekintza horrek ospatzerik ez zuela erabaki genuenean gure ikaslegoaren gehiengoa defenditzen ari ginen, gehiengoa baita gai honetan parte hartu nahi ez izan arren derrigorrezko partehartzailetzat hartuta sortzen dena.

Oroit itzazue joan den urtean poliziarekin izan genituen tentsio uneak. Ez ziren gehiagora pasatu zuzendaritzaren ekimenari esker. Egun batean ikasle batek “utzi heroiarena egiteari!” oihukatu zidan. Ez da heroiarena egiten ari nintzenik, baina intzidente hauek ez larriagotzen saiatu behar dut. Batzuk harria bota ondoren eskua ezkutatzeko oso adituak dira. Horrela egiten zuten beste ikasle guztiak arriskutan jartzen. Era berean ezin dugu utzi iraileko ekitaldi hori beraiek erabiltzea abiapuntu bezala institutua beraien interesetarako bideratzeko. Institutuak ez du izan behar haien arrantzagunea adin txikiko neska-mutilak ekintza hauekin lotzeko. Txikiak izan behar dira helduen artean gero eta oihartzun gutxiago baitute.

Horrexegatik iraileko ekintza galarazi nuenean ziur nago institutuko ikasle gehienak defenditu nituela, baina hortik aurrera argi daukat ekintza egiten saiatu zirenak ere defenditu ditudala. Hasteko espedienterik ez zabaltzeko erabakia hartu genuen. Komunikabideetan agertu ez zelakoz esan genuen, baina batez ere bere izenak eta egindakoa, agian delitu bat, agiri ofizial batean elkartu nahi ez genituelakoz. Erabaki argia hartu genuen: egindakoa falta nabarmena izan arren hasteko babestuko genituen eta, jarraitzeko, beraiekin eta bere familiekin hitz egiten hasiko ginen. Momentu honetan ez genekien beraiek guzti-guztia kontatuko zutela aurpegirik estali gabeko zortzi argazki eta guztiz argitaratuz. Eta hau ez da gertatu Euskalerriko beste inondik.

Beraiek dena argitara eman ondoren denbora besterik ez zen behar gertatu zena gertatzeko. Zelako mesede egin zieten halakoetan interesa dutenei. Eta ondorioz ni behartuta izan naiz deklaratzeko eta identifikatzeko. Gustuko ez dituzten gauza guztiak desligitimatzeko estrategiak bultzatzen dituztenentzat hobeto nik uko egiten fiskaltzaren eskaerari (haiek antolatu eta nik ordaindu), baina ez zukeen gauza handirako balio. Kasu egin behar nion eskaerari eta egin nion, baina pasatu gabe. Bakarrik zorigaiztoko web orrian agertzen dena kontatu dut eta jakin ditzakedan beste gauza guztiak niretzat gorde ditut. Hau izan da nire gidoia. Bakarrik gauza berri bat kontatu nuen Madrilen egin nuen deklarazioan baina defentsa abokatuak galdetu zidalakoz.

Inplikaturiko ikasleek eskertu beharko lukete zenbat jende aritu den auzi hau berriro ere institutura ekartzeko ahalegintzen. Lehena ni neu eta nire zuzendaritza taldea, baina askoz pertsona gehiago aritu dira ahal izan dituzten tekla guztiak ukitzen egoera lehuntzeko. Haietako bi aipatu behar ditut: Carlos Pérez-Nievas, Hezkuntza Kontseilaria, eta Uxue Barkos, eskola batzordeko kidea den zinegotzia baita Madrilen diputatua ere. Biak aritu dira institutuan egindako espedienteekin nahikoa dela azaltzen, hezkuntza arloko gaia dela, ez kode penalekoa.

Gauza gutxi esan dezaket honi buruz, baina badirudi alde horretatik gauzak ongi doazela. Badirudi agian fiskalak ez duela zigorrik eskatuko. “Badirudi”, “agian”,… argi izan behar dugu hau gure eskuetan ez dagoela, baina inpresio onak ditugu. Adibidez, azken deklarazioak Iruñeko auzitegian izan dira Nazionalean izan beharrean.

Ikusten duzuenez, bere hirugarren puntuan Eskola Batzordeak eskatzen zigun ildotik lan egin dugu eta badirudi asmoa lortzear dagoela.

Eskola Batzordearen 2. puntua bukaerarako utzi dut nire ustez interesgarriena delakoz hauxe baita etorkizunari begira dagoena. Badakigu zer gertatu den, ziur aski ez du ikasleentzat ondoriorik izango baina argi dago ez duela berriro ere gertatu behar eta hau izan behar da guztion asmoa.

Hemengo gehienok bat egingo genuke gauza batean. Diario de Navarrak berria atera zuenean informatzeaz gain beste asmo bat zeukala pentsatzen dugu: izorratzea, D eredua izorratzea. Baina gutako askok ere ikusten dugu joko horretan jarraitzaileak lortu dituela eta ez dago hau ulertzerik. Aingeru Epalzak argi esan zuen Diario de Noticias-en: Iturramako institutuaren auziak erakutsi digu, bertzalde, barnean ditugula etsaiari bidea zelaitzeko prest daudenak. Batzuek nekez dute barneratzen gure geletatik ez direla neska-mutil borrokalarienak atera behar, ezta abertzaleenak ere, baizik eta erneenak, langileenak eta eskuzabalenak. Euskaldunenak, izan izanen dira; aski genuke euskaldunak izanda.

Ez luke berriro ere gertatu behar.

Baina D eredua alde batean utziz badago garrantzitsua den beste zerbait, garrantzitsuago gure ikasleen, zuen seme-alaben heziketaz arduratuta gaudenontzat. Institutura etortzean hezibidatzera etortzen dira. Hezibideratzea ikastea eta askoz gehiago da. Baina institutuan giro bat errespetatu behar da eta galarazi behar dugu inork giro horretaz baliatzea berari interesatzen zaion giroa sortzeko. Joan den ikasturtean kanpoko arazoak institutuko patiora erakartzeko batzuek egindako ahaleginak behin baino gehiagotan ikusi genituen. Aurrera egin dugu gai honetan. Hainbeste arazo ekarri zizkigun asteko manifestazioa aurten ez dugu izan. Atsedenaldietan institutuko patioa hauxe izan da, atsedenaldirako patio eta ez beste toki bat eta beste ordutegi bat izan behar dituzten ekitaldietarako eszena tokia.

Baina argi dago beste toki batean eta beste ordutegi batean gero eta jende gutxiago bereganatzen dutela. Hemen nahikoa zuten kalea momentu batez moztearekin. Gero korrika atera instituturantz eta zorte ona izanik polizia barnean sartu eta iskanbila antolatu. Zorte gehixeago izan eta agian biktima bat. Ez antolatzaileen artean, noski. Beraiek harria bota eta eskua baino gorputz osoa DBHko ikasleen atzetik ezkutatzen zuten. Eta hautako batzuk ezertaz enteratu ez eta emanaldi bat balitz jokoan sartu.

Entzutegi Nazionalean zabaldutako sumario dela eta sortu den iskanbilak, haien barne nire aurkako kalumniak eta guztiz, garrantzitsuena bigarren plano batean utzi du. Atsedenaldiko orduetan institutu honetako ikasle batzuk ETAri omenaldi bat gauzatzen saiatu ziren. Edozein ikuspuntutik begiratuta hau guztiz onartu ezina da eta horrela jokatu genuen irailean. Ez genuen onartu, galarazteko erabakia hartu genuen eta eten egin genuen. Institutuaren onurako, D ereduaren onurako, antolatzaileen onurako eta beste ikasle guztien onurako.

Eta hau da berriro ere antzeko zerbait egiten saiatzen bada egin behar izango dena. Ez da beharrezkoa gure bizikidetza arautegietan egotea, logika hutsa da eta.

Eskola Batzordearen 2. puntuak gure institutuko hezkuntza komunitateko pertsona guztiei dei egiten die “hemen aztertu diren gertaerak etorkizunean errepika ez daitezen eta edozein ikastetxetan indarrean dauden bizikidetza arauak errespetatzeko konpromiso hartu”. Datorren ikasturtean zuzendari berri bat izango da eta horrek erabakiak hartu beharko ditu. Bihar bertan nik zuzendari jarraituko dut eta erabakiak hartzen jarraituko dut. Ezinezkoa da guzti-guztia bizikidetzarako arauetan egotea, baina bai ulertu behar dela gizarte batean, gurea bezain txikia bada ere, norbaitek izan behar duela azken hitza. Hau ez da autoritarismorik, baizik eta funtzionatu ahal izateko bide bakarra. Eta ez da autoritarismoa kontrolerako sistemak egon badaudelakoz. Eskola Batzordeak, Guraso Elkarteak, Irakasle Klaustroa, zehapen ondorengo helegiteak,…

Oraintxe gauzatzen ari garen asanblada honek kontrolerako sistemak daudela frogatzen du. Horretarako Guraso Elkartean bilera asko egin behar izan duzue eta gure Bizikidetza Batzordearen laguntza izan duzue. Badakit, zuek zeuek kontatu didazuelakoz, ahalegin handi bat egin behar izan duzue dinamikari eta helburuei dagokienez gutxienez asmoak elkartzeko. Baina bukaeran gauzatu duzue eta hona hemen zuzendaria zuei eskatuko dituzuen azalpenak emateko.

Zuzendariak ez du ekin behar kontrolik gabe, baina konfiantza behar du azalpenak eskatzekotan era arrazonagarri batez izango dela jakiteko. Arrazonagarri, hau da, horretarako dauden baliabideak erabiliz eta berdin du arazoa txikia ala handia den.

Bizikidetza Batzordea aurten irakasle batzuek osatu dute, baina ziur aski Guraso Elkartearekin, ikasleekin eta Administrazio eta Zerbitzuko langileekin lan egiteko zabalduko da. Eta ziur nago ahalegin handi bat egingo duela ez guztia arautzeko, hau ezinezkoa delakoz, baizik eta eztabaidarako guneak definitzeko. Hor izango dugu tokia sor daitezkeen arazo guztiei konponbide eman ahal izateko.

Eta egunez-eguneko lanean azken hitza, batzutan emateko denbora gehiegi izan gabe, zuzendariak duela onartu behar dugu. Onartu eta errespetatu. Horrela ez bada institutuak ez du funtzionatuko eta guztion interesekoa da institutua funtzionatzea. Konfiantza izan berarengana eta gero azalpenak eskatu behar badizkiogu eska diezaiogun. Kritika ere onargarria da, baina izan dadila behar den bezala.

Gustatuko litzaidake honekin bukatu eta zuei eskerrak eman zuen asanblada parte hartzeko deitu didazuelakoz, baina berrio ere ikuspuntu pertsonal batetik hitz egin behar dut. Oraintxe bertan kritika onargarria dela esan dut, baina behar den bezala izanik eta kasu honetan niri egindako kritika batzuek onargarria den maila gainditu dute. Institutuaren atarian banatutako guraso batzuen eskutitza (baina ez afektatuen guztiena, hauetako batek biharamunean deitu baitzidan zer ikusirik ez zuela adierazteko) onargarria dena baino gehiago zela iruditzen zait. Baina gauza guztien gaienetik onartu ezina egiten zaidana bada LAB sindikatuak nitaz esan eta oraindik esaten duena. Onartu ezina da injustua delakoz eta, horretaz gain, arriskutan jartzen nauelakoz. Guztiok dakigu zein herritan bizi garen.

Ziur nago asanblada honetan LABeko kideak diren pertsona batzuk daudela. Nik ez dut uste LABeko guztiak berdinak direnik eta horrexegatik eskatu nahi diet beraien hezkuntzako bozeramaleei eskatu nien gauza bera: egin ezazue ahal izango duzuen guztia hau gelditzeko. Behar dut.

Eskerrik asko,

Iruñea, 2008ko maiatzaren 20a