martes, 10 de marzo de 2009

Alternativa Antimilitarista / Iruñeko KEM-MOC taldearen ohar publikoa

Iturrama: bataila eremua ala hezkuntza zentroa?

Berriro ere, komunikabideetako hizpide dugu hezkuntza mundua. Berriro ere, bortizkeria erabiltzen dutenen jarduerak goraipatzen dira, salbuespen epaimahaiak erabiltzen dira gazteria kriminalizatzeko, eta beste pertsona bat ere kriminalizatua izaten da horretarako manipulazio publikoa erabiliz. Berriro ere, logika militarista agertzen da gure inguruan, oraingoan Iruñeko Iturrama Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin lotutako gertaerak direla medio.

Guzti honen aurrean, eta gure laguna den Pedro Otaduyren aurka publikoki esandako akusazioen aurrean, gure hausnarketa hauek plazaratu nahi ditugu, bere aurka botatako akusazioei erantzuteko, eta aldi berean, zergatik ez, egitura eta logika militarista batzuetan eragina izateko, sufrimendua areagotu eta injustiziak betikotu baino ez baitute egiten.

1. Urteak daramatzagu publikoki bakerako hezkuntza aldarrikatzen, hainbat ministeriotako bulegoetatik batzuk ordenamendu legalerako obedientziarekin lotzen saiatu baino lehen, ejertzito berak, atzerriko parte hartzeak justifikatzeko mozorro humanitarioaarekin, eskoletan sartzeko tresna bihurtu baino lehen. Eskola intsumituen sarea bultzatu dugu, eskola ezin baita bihurtu gatazkak bortizkeria erabiliz kudeatzeko justifikaziorako gunea. Eztabaidarako eskola nahi dugu, elkarrizketan oinarritutako hikamikarako, disidentzia aktiborako eskola. Horregatik oso argi dugu ez dela oso hezitzailea ETAko kideak omentzea hezkuntza zentroetan. Ez da oso eraikitzailea, eta iraingarria izan daiteke ere bere bortizkeria jasan ahal izan duten hainbat pertsonentzat, irakasle zein ikasle. Hau da, gure ustez, eta gure eredu pedagogikoaren arabera, bateraezinak dira eskolaren eta erakunde militarren logika.

2. Elkarrizketa nahi dugu tresna pedagogiko moduan, eta horregatik uste dugu larria eta onartezina dela eskola mailako gatazkak eskolaz gaindiko erakunde judizialen bidez kudeatzea, eta bereziki Entzutegi Nazionala bezalako salbuespen epaimahai baten bidez, azken urteotan logika errepresiboan sakondu baino egin ez duen epaimahaia, alegia. Izan ere, erakunde honek berebiziko garrantzia izan du bizi garen giro manikeo eta inkisitorialean partidu politikoak zein komunikabideak legez kanpo uzteko eta ehunka familien bizitza ondoratzeko. Giza eskubideak eta garantia prozesalak mespretxatzen duen epaimahai honek, “gerra prebentiboaren kultura” polizia operazioekin eta sententziekin bultzatu du, gure kide ekinlari ezbortitzen gaineko ere jazarpena ezarriz.

3. Gure ustez, dinamika guzti hauek bataila eremu bihurtu nahi dute institutuetako patioak. Zein asmoarekin antolatzen dira omenaldiak jakinda ilegalak direla eta ondorio larriak izaten ahal dituztela bertan parte hartzen dutenentzat? Zein asmorekin argitaratzen dira interneten, inongo arazorik gabe, bertan agertzen direnei horrek dakarren arriskuaz ezer esan gabe? Zein asmorekin bihurtzen du Diario de Navarrak berri nabarmena euskal irakaskuntza publikoaren institutu bateko patioan gertatutakoa? Eta azkenik, zergatik jotzen du fiskaltzak zuzendariarengana ikasleak identifikatzeko tresna asko baldin baditu beren kabuz hori egiteko? Zergatik leporatzen zaio zuzendariari berak martxan jarri ez duen eta geldiarazi ezin duen dinamika errepresibo bat? Berriro esan behar dugu: batzuentzat errentagarria da trintxerak irekitzea institutuetako patioetan, eta pozik bultzatzen dute batzuk holako egoerak euskal irakaskuntza publikoari izen ona kentzeko.

4. Zentzu honetan, Pedro Otaduyren aurka LABeko bi kidek eta beste kolektibok egindako akusazioak manipulazio arduragabearen isla argia dira. Manipulazioa, bai. Egia da fiskaltzak interneten argitaraturiko argazkietan agertzen ziren ikasleak identifikatzera behartu zuela, eta berak horietako batzuen izenak eman zituela. Hala ere, deklaratzera legalki behartuta zegoela alde batera utzita, holako ekitaldien argazkiak bertan agertzen zirenei kontsultatu gabe argitaratu zutenen arduragabekeria alde batera utzita, prozesu guzti honen kudeaketan zuzendariarekin ditugun ezadostasunak alde batera utzita, uste dugu manipulatzeko asmoa izan behar duela norbaitek identifikazioaren erantzukizuna zuzendariaren gainean uzteko. Honen beharra al du Entzutegi Nazionalak holako ekitaldi batean modu ikusgarrian agertzen direnak identifikatzeko? Soberan dakigu ezetz! Milaka bitarteko ditu poliziak hori egiteko, legezko bitartekoak, eta nahi izan ezkero, legez kanpokoak ere bai. Beraz, arduragabeki jokatu dute Pedrori hori leporatzen diotenek, akusazio horiek kriminalizazio publikorako bidea ireki dutelako.

5. Ez dugu zertan ados egon behar gure lagunaren ekimen guztietan, eta berari ere esan diogu horietako batzuekin ez gaudela ados. Berak ere onartu egin die gurasoei akatsak egin dituela prozesu honen kudeaketan. Hori bai, orain bere aurka aritzen direnek gogoratu beharko lukete zenbat aldiz egin die aurre Pedro Otaduyk pertsona uniformedunei, zenbat aldiz ukatu egin dio poliziari institutuan sartzeko baimena. Are gehiago, gogoratu egin beharko lukete bera izan dela institututik polizia kanporatu duen zuzendari bakarrenetakoa, bakarra ez bada, eta horren kontura mehatxuak jaso ditu horietako baten aldetik. Pedro saiatu da bere institutuan ETAko kideen aldeko omenaldia galarazten, institutuan polizia armatuak sartzen galarazi duen modu berean.

8. Egia esan, urte asko darama borroka antimilitaristan Pedro Otaduyk. Gertutik ezagutzen dugunok badakigu duela asko dabilela euskarazko irakaskuntza publikoaren defentsan, eta aldi berean gerraren logikari aurre egiten. Urtez urte, berarekin aritzen gara gastu militarren aurkako objezio fiskalaren kanpainan, eta intsumiso asko espetxeratuak izan ziren, izan ginen, garai gogor horietan, oso gertutik sentitu genuen bere sostengu eta konpromisoa. Zuzendari moduan izan duen jokabidearekin ados egon ala ez, guztiz injustua da bera ekiditen saiatu den dinamika errepresiboen erantzule egitea.

9. Bukatzeko, beraz, bakerako eta disidentziarako hezkuntzaren beharra aldarrikatu nahi dugu, gorrotoaren kultura eta obedientzia itsuaren aurrean elkarrizketaren kultura eta desobedientzia zibila bultzatzen duen hezkuntza kritikoa, hain zuzen ere. Hezkuntza eredu horretan soberan daude erakunde armatuen goraipamenak, soberan dago Entzutegi Nazionala, eta soberan daude, noski, gure laguna bezalako hezitzaileen aurkako akusazio manipulatzaile eta arduragabeak.

Alternativa Antimilitarista
Iruñeko KEM – MOC

No hay comentarios:

Publicar un comentario