viernes, 6 de marzo de 2009

Iturramako Zuzendaritzaren dimisio eskutitza

Ikuskaritza eta Zerbitzuko Zuzendari Nagusia
Hezkuntza Departamendua
 
Zuzendari Nagusi estimatua:
Zuregana jotzen dugu Iruñeko Iturrama institutuaren zuzendaritza talde osoaren dimisioa aurkezteko.
Irailaren bukaeran ikasle talde txiki batek egindako ekintza deitoragarriaren ondorioz, ikasturtean zehar tentsio gehiegi pilatu dira institutuan eta horren atal guztietan eguneroko bizitzan eragin handia izan dute. Egoera argitzeko nahian, gutxienez irakasleon artean, otsailaren 3an gauzatu zen aparteko klaustro baterako deia luzatu zuen zuzendaritzak. Horren bukaeran bozketa egin zen ea klaustroaren iritziz auzi honetan zuzendariak izan duen jokabidea onargarria zen jakiteko. Aldez aurretik Pedrok argi utzi zuen konfiantzazko moziotzat hartzen zuela.
Arautegi administratiboen arabera emaitza zuzendariaren jokabidearen aldekoa izan zen, baina bozketa horrek zuzendaritzako kide guztiengan utzi zuen sentsazioa beste bat izan zen: emaitza hori ez zen nahikoa dugun egoerari aurre egiteko. Eguneroko bizitzan eraginkorra izateko ahalmena duen zuzendaritza talde bat behar du institutuak eta ez dugu horrela aritzerik irakasleon sostengu garbia nabaritzen ez badugu.
Horrela izanda gure iritziz hobe da ideia berriak eta irakasleongandik sostengu gehiago izango duen beste talde bati tokia uztea.
LAB sindikatuak izan zuen esku-hartze tamalgarria dela eta erabakia atzeratu genuen, baina aste bete bat pasa ondoren zuri berri emateko garaian gaude.
Hilabete hauetan jaso ditugun laguntza guztiak eskertu behar ditugu. Informazio batzuen arabera beste gauza bat badirudi ere, ziur gaude familien eta ikasle gehiengoaren sostengua izan dugula. Institutuko langileongandik ere laguntza handia jaso dugu eta behin eta berriro esan behar dugu Hezkuntza Departamendua ere gure alde atera da horrela behar izan dugun bakoitzean. Haientzat guztiontzat, zuentzat ere, gure eskerrik beroena.
Oso egoera zaila bizi izan dugu eta ondo egiten ahalegindu gara. Baina momentu honetan, klaustroaren bozketa hori eta gero, ez dugu indarrik jarraitzeko. Ziur gaude sostengu eman digun jende guztiak gure erabakia ulertuko eta errespetatuko duela.
Zuzendaritza taldearen kideak izan gara. Orain irakasleak izatera itzuliko gara. Hau da bere momentuan aukeratu genuen ogibidea eta horrekin jarraitu nahi dugu. Horrela jarraituko dugu euskarazko hezkuntza publikoaren eremuan gizarte hobea lortzeko nahian.
Zure arreta eskertuz,
Iruñea, 2009ko otsailaren 12a
Pedro Otaduy Ibáñez, zuzendaria, Ander Erro Muro, zuzendariordea, Loudes Gamboa Garziandia, ikasketaburua eta Aintzane Perea Belaustegi, idazkaria.

(Klaustroaren bozketa emaitza hurrengoa izan zen: aldekoak 30, kontrakoak 5, zuriak 6, nuluak 1 eta abstentzioak 22)

No hay comentarios:

Publicar un comentario