miércoles, 23 de septiembre de 2009

Bukaeran fiskalaren proposamena onartu zuten

Irailaren 14ean Madrilera joan behar izan nuen fiskalaren eta defentsaren lekukoa izateko. Bukaera ez nuen parte hartu behar izan. Deitutako ikasleek, hiru, eta haien gurasoek fiskalak egindako kalifikazioa eta proposatutako neurri hezitzaileak onartu zituzten. Epailaren aurrean sinatuz epaiketa ez zen gauzatu.

Ez da hedabidetan agertu. Adin txikikoei ezarritako zehapenak ez dira publikoak eta inork ez daki zertan datzan “neurri hezitzaile” hauek. Nik ez ditut ezagutzen eta beraiek, logika batek aginduz, ez dituzte aditzera eman.

Bai, badu bere logika. Nire erruz beraiek pairatzen zuten arriskua (“sei urtetako kartzela zigorra”, “zaldien oinpetan” edo “polizia espainiarraren hatzaparretan”) hainbat hilabetetan azaldu ondoren orain esatea bukaera zentzuduna izan dela zaila izan behar da. Auzi hau ebazteko Madrilera joan behar izatea bada, ezbairik gabe, gehikeria bat, gai hauen inguruan bizi dugun salbuespen egoera argi uzten duena. Aldatu beharko litzateke hau, baina beste guztia nahiko zentzuduna izan da.

Gertatu zenari buruz ez zegoen zalantzarik. Ikasleetako batek, ziur aski bere burua oso egoera konprometitu batean ez agertzeko kontuz ibiltzea ahaztu gabe, dena azaldu zuen zortzi argazki gehituz. Zentzudunena institutuko afera bezala tratatzea izango zen, baina publikoki kontatu ondoren nahiko ezinezkoa zen. Orain, dirudienez, fiskalak onartu omen du institutuan erabakitako bi zehapenak nahikoak zirela eta hau zentzuduna izan da. Delitu bat zegoenez zerbait ezarri die, lehen aipatutako “neurri hezitzaileak” hauek. Beraien burua martiri bezala aurkeztu ez direnez gero ziur ez direla oso larriak izan.

Aurreko idazki batean nik egindakoarekin lasai nengoela esaten nuen. Orain pozik ere nagoela gainera dezaket. Ikasleriaren gehiengoa defenditu nuen eragin nahi zieten manipulazioaren aurrean, “gora heriotza” oihukatzen dutenentzako omenaldi bat galarazi nuen eta gero nire eskuetan zegoen guztia egin nuen inplikaturiko ikasleak martiri ez bihurtzeko, argazki jartzailearen eta beste batzuen asmoa deuseztatuz.

Inplikaturikoen zori onerako ez nuen nire ideologia bulego edo auzitegi baten atarian utzi. Urteak daramatzat intsumisioaren oinarrian dagoen desobedientzia kritikoa erabiltzen aurre egiteko niregandik hain gertu ikusten dudan opresio bortizkeriari, hau da, ETAren aldekoak diren talde hauek haien gustuko ez den edonoren kontra erabiltzen dutenari. Norbait harritzen badut oraintxe esandakoarekin pentsa dezala zer egin didaten niri eta zer ez liokete egingo haiekiko desadostasuna adieraziko zukeen ikasle bati. Gero, eta hau ere ideologia da, neurri hezitzaileen alde lan egin dut, zigorrezkoak baztertzeko saiakeretan arituz. Dirudienez hau lortu da. Orduan lasai egoteaz gain pozik nagoela ere esan dezaket.

Oraindik beste epaiketa bat egon daiteke. Ikasleetako batzuk helduak ziren adinez eta hau beste epaitegitik doa, hau ere Entzutegi Nazionalekoa. Itxoin beharko dugu dena itxita dagoela esateko.

Eta horrekin dena bukatzen da? Gustatuko litzaidake horrela sinestea, baina LABek egindako kalumniak hor daude.

No hay comentarios:

Publicar un comentario